XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Hego Euskal Herria Espainian 1876.eko Uztailaren legearekin amaitu egin zen euskal historiaren etapa bat.

Lege honek kentzen zituen foruen azken aztarnak, alegia, autonomia fiskala eta soldaduska-salbuespena.

Euskal gizartearen talde hegemonikoak garai berriei egokitu behar zitzaizkien, beren klase-nagusitasuna irauneraziko bazuten behintzat.

Aurreko urteetan eratzen hasia zen egoera politiko-ekonomiko berriak hartaraxe derrigortzen zituen.

Foru-erakundeak suntsitu eta estatua bateratuz gero, erregimen berriari eman zitzaion hasiera: Errestaurazio zeritzonari, hain zuzen.

Etapa hura, 1876.eko Konstituzioarekin hasi eta Primo de Riveraren diktadura bitartera arte luzatu zen.

Geroago emango dugu aldi honen zenbait ezaugarri.

Oraingoz honakoa azpimarratu nahi dugu: erabat garai autoritarioa izan zela landa-lurjabe haundien mesedetakoa (baita industriarien onez, hein txikiagoan bada ere).

Errestaurazioaren lehenengo 5 urtetan, adibidez, biztanleriaren ehuneko bostak soilik zeukan botu-eskubidea.

Bestalde, XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera astiro baina sendo finkatzen ari zen industri-prozesuan oinarriturik, Euskal Herriko talde burgesek gero eta garbiago somatzen zituzten merkatu espainolean integratzeko abantailak.

Foralitateak berekin zituen gauza probetxagarriei muzin egin gabe, jakina.

Negozio onak zirela, ustezko erregalia foralak zirela, lehenago etsai amorratu zirenak hurbilduz joan ziren, urtez urte.

Konstituzio politikoak betidanik espainiar guztiei inposatu dizkien betebeharrak, hau da, armen zerbitzura joatekoa eta, beren ondasunen araberaz Estatuak dituen gastuak ordaintzekoa, alegia, hemendik aurrera Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako herritarrei ere hedatuko zaizkie, Nazioko gainontzekoei bezalaxe, konstituziozko eskubideak bait dira horiek.

Foru-Ezabaketa Legea, 1. artikulua, 1876.eko Uztailaren 12an argitaratua.